XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aita sainduek berek, hainbertze zuten entzuten gauza horietaz mintzatzen, non, batek baino gehiagok, manu bereziak egorri baitzuzten zonbait eskualdetarat, sorgineri nola behar zen ihardoki argien emaiteko.

Bainan egundaino aita sainduek ez dute beren gain artu, orduko jendeak sorginen indarraren baitan zuen sinhestea, eta, sorginkeriari jazartzeko moldetan, beti zuzentasuna eta eztitasuna bilatu izan dute.

Lekuko hor ditugu heien izkiriozko manuak, hala nola Innocent VIIIgarrenarena.

Beraz, de Lancre etorri zitzaikun, dena espantu eta dena kar, Jainkoaren esku-makila zela, bere buruarentzat goraki erranez.

Kasu egiten ahal zuen Satanek.

Orai arte, bere eskupeko balinbazauzkan Lapurtarrak, hemendik goiti, irri trufak sar-araziko ziozkan gero de Lancre bipilak.

Eta nola hoi?.

Ez zare ahalge holakorik galdetzeko ere, zu, elizako gizona?.

Idek-azu Testament Zaharra, Exode liburuaren 22garren kapituluan eta irakur-azu.

Huna zer atzemanen duzun: Ez zakela utz bizitzerat sorginik.

Jainkoaren manamendua hola zenaz geroz, gizonak aski zuen ichil eta aphal bere eginbidea betetzea.

De Lancrek segurik, berea betego zuen.

Gure lurrak sorgin aziaz zikinduak balinbaziren, harek laster garbituko zituen, eta ez nola-nahizka, bainan suaz, suak baitu bakarrik landare tzarra betikotz suntsitzen.

Beraz bego hitzak eta lot lanari.

Irakuts sorginak de Lancri, laster erre ditzan.

DE LANCRE LAPURDIN.

- HAREN JAZAR-MOLDEA.

De Lancre Bayonatik Lapurdirat sartu zen, uztailaren ondarrean, eta harekin jende-oste osoa: Tribunale batean behar den jauneri guzia, soldado andana bat, gizon urkariak beren tresnekin, mihiku bat eta ere, hamazazpi urtetako neskatch bat, La Morguy izenekoa.

Urruntchago irakutsiren dugu hunen ofizioa.

Ephe laburrak barne, Lapurtarrek jakindu zuten, erregeak egorririk, jin zela sorgin gazitzaile bat, garratza baino garratzagokoa.

Zalu hale, herritan, sorginak zirelako fama zuten guziak salatuak izan ziren eta preso altchatuak.